Cecilia GALLARZAGOITIA (1889-1956)
Berrizko Merzedean ikasten egon zan, barrukume lez. 1911n, lehenengo pausoak emoten hasi zan kongregazino horretan, nobize moduan. 1931n, ostera, Margarita López de Maturana doatsuak beragaz eroan eban Japon, Carolinas eta Marianas uharteetara, hango kongregazinoko etxeei ikustaldia egitera. Margarita hil zanean, 1935an, Zezilia aukeratu eben kongregazino barriztatua gidatzeko. Espainiako 1936ko guda tokatu jakon lehenengo, eta gero munduko bigarren guda. Guda ikaragarri horrek kongregazinoak sortalde urrunean eukazan etxe eta lanak desegin ebazan, eta barriro joan zan lurralde hareetara. 1939, 1945, 1947, 1949, 1951 eta 1953an joan zan, eta komentu barriak eraiki ebezan Japonen eta Ozeanian. Mexikon eta Estatu Batuetan be fundazinoak eraiki ebazan. Bere kongregazinoko mojen hezkuntzaren ardura haundia euki eban eta, ganera, udan be ikastaroak atontzen ebazan, bere kongregazinoko mojentzat. 1954an, nagusitzarako beste bat aukeratu eben, eta bera lehenengo kontseilari lez ezarri eben. 1955an, gaixoaren kurutzea hasi jakon, eta hurrengo urtean hil zan. Garaiak eta emakume izateak ipini eutsazan mugak bere gizabideagaz eta sinismenagaz gainditu ebazan, emakumezkoen eta gizonezkoen benetako bardintasunaren bideak zabalduz.
© 2009 Amorebieta Etxanoko Udala - iametza interaktiboak garatuta
Laguntzailea: EKIN S. KOOP.