Ondarea Hasierara

Pertsonaiak

Pertsonaien zerrenda

Enrique RENTERIA MARDARAZ (1900-1982)

Larrean jaio zan. Orduan, auzo honetako etxerik gehienak Etxanokoak ziran. Aita arotza zan, eta ama jostuna. Zortzi nebarreben artean zaharrena bera izan zan. Marrazteko zaletasuna txikitandik izan eban, eta bere amama batek Bilbaotik ekarri eutsan akuarela kaxatxo bat. Autodidakta izan zan. 1924an, Juan Gorbea eta Luis Izeta Athletic futbol taldeko kapitanak bere lana aurkeztu eutsien Isidoro Ginea eta Antonio Gezala margolariei. Urte horretan bertan, Euskal Artisten Elkarteko kide egin zan, gerreak 1937an desegin eban arte. 1928an, erakusketa egin eban berak bakarrik Bilbaon, Gran Víako Euskal Artisten Elkartearen aretoan. Kritikak ondo hartu eban. 1929an, bere sorkuntzaren bat be emon eban erakunde horren aldeko enkanterako. 1932an, Artista Euskaldunen Bigarren Erakusketan parte izan eban. Bere lanak Juan Cabanas Erauskin, Gustavo de Maeztu, Arrue anaiak, Ramón de Zubiaurre eta orduko euskal margolaririk onenen artean aurkeztu ziran. 1933an, Euskal Artisten Elkarteak Bartzelonan atondu eban erakusketan parte hartu eban. 1934an, elkarte horrek antolatu eban Artista Euskaldunen Hirugarren Erakusketan be baegoazan bere lan batzuk, orduko margolaririk onenakaz batera. 1936an, Eusko Jaurlaritzak antolatuta Frantzian ibiltari ebilen erakusketan En Biscaye lana erakutsi eban. 1937an, hirurogeta hiru koadro bahitu eutsiezan frankistek, eta gerra amaitu zanean itzuli eutsiezan. Larrinagako kartzelan be denporaldi bat emon eban.

1938an, Felisa Zearsologaz ezkondu zan. Lau semealaba jaio ziran, baina Enrikek margo eta pintzelekaz jarraitu eban. 1940an, erakusketa bat aurkeztu eban Bilbaon, berak bakarrik. Baina garai gogorrak ziran, eta familiak Zornotzan ezaguna izan zan Bar León zabaldu eban. Abertzaleen bisita leku ezaguna bihurtu zan, baina, hain ezaguna izanik, gero alkarrizketa lekua aldatu behar izan eben. 1949an, beste erakusketa bat aurkeztu eban Bilbaon, hauxe be berak bakarrik. Geroago, Flores Kaperotxipik Arte vasco liburuan aitatu eban. Eta M. Llano Gorostizak be bardin Pintura Vasca lanean. Ganera, arkeologi hondakinen batzuk be aurkitu ebazan. Beste erakusketa batzuk be aurkeztu ebazan 1973an eta 1978an. Pintores y escultores vascos de ayer, hoy y mañana lanean, bere pinturak liburuxka bi hartzen dauz. 1982an, udaletxeak omenaldi bat eskaini eutson. Azpimarratzekoa da administrazinoak holako omenaldi bat atontzea, salbuespena dalako. Urte horretan bertan hil zan Renteria.

atzera

Pertsonaiak

Gertakizunak

© 2009 Amorebieta Etxanoko Udala - iametza interaktiboak garatuta

Laguntzailea: EKIN S. KOOP.

CSS | XHTML | WAI-A