Esteban BILBAO IMAZ (1871-1945)
1871an jaio zan, Arazotzan. Larreako komentuan urte beteko nobizedua bete, eta profesa egin eban, karmeldar lez, 1888an. Abadetza 1897an hartu eban, eta teologiako gai batzuen irakasle izan zan, 1900ra arte. Urte horretan, probintzialaren idazkari izendatu eben, eta baita be probintziako diruzain. 1901an, Indiara joan zan. Han eraiki eban lehenengo karmeldarren komentua; 1905an amaitu eben, eta eleiza zabaldu eben jentearentzat. Bost urtetan, komentu horren nagusi izan zan eta, 1910an, Quilon-go eleizbarrutiko gotzainaren bikario nagusi izendatu eben. 1912an, Vatikanoko Misinoen kongregazinoak Puthempallyko seminarioko errektore izendatu eban. Karmeldarren zuzendaritzapean egoan seminario hori, eta orduan, eta geroago be, Indiako seminariorik onenetarikoa zan. Ikasketen programa barriztatu eban, eta Europako seminario onen mailan jarri. Seminarioaren eraikuntza leku ez osasuntsuan egoan, eta barria eraikitzea erabaki eban, abadegaien prestakuntza egokiak eskatzen eban erakoa. 1927an Europara etorri zan, diru laguntzen bila. Ez eban laguntza gehiegirik batu, baina seminario barria jasotzeko erabakia hartuta eukan eta, 1930an, Vatikanoaren enbaxadore Moony gotzainak bedeinkatu eban lehenengo harria. 1933an, ostera, Vatikanoko beste enbaxadore batek, Leon P. Kierkels gotzainak, bedeinkatu eban seminario barria Alwaye hurian. 1937an, errektore karguan hogeta bost urte bete ebazanean, Pio XI.ak “Pro Ecclesia et Pontifice” domina emon eutsan. 32 urte errektore izan eta gero, 1944an itxi eban kargua, eta seminarioan bertan hil zan, 1945an.
© 2009 Amorebieta Etxanoko Udala - iametza interaktiboak garatuta
Laguntzailea: EKIN S. KOOP.